jueves, 4 de marzo de 2021

MODULOA. Berta

BESTEAK ETA NI... GERTU ETA URRUTI. 
4. eta 5. saioen inguruko hausnarketa.

Lehen saioko gai nagusiak ideologia edo iritzi aniztasuna eta iritzien arteko talka ematen denean azaldu beharreko jarrerak izan ziren, eta hainbat balio demokratikorekin lotu genituen hauek, zehazki tolerantzia, errespetua eta enpatiaren inguruan aritu ginen lanean. 

Jarduera eta saioen helburua aurretik aipaturiko kontzeptuen garrantziaz ohartzea da, egunerokotasunean duten presentziaz kontzientzia hartuz, bai eta gure enpatia zein tolerantzia mailaz ohartzea.Gai hauek lantzeko, alde batetik aipaturiko hiru kontzeptuak ezagutu eta haien esanahia ulertu genuen, gatazkak udeatzeko funtsezko ezaugarriak direla ikusiz. Eta bestalde, nork bere burua abiapuntutzat hartuz, geure jarrera eta pentsakerak neurtu, haietaz ohartarazi eta jabetu ginen. Guzti honen inguruko hausnarketa bideratu zen uneoro sioan zehar. 

Bai saioak, bai hauetan landutako gaiak oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun. Izan ere, egunerokotasunean balio horiek duten presentziaz ohartu ginen eta gure jarreraren inguruan autokritika egiteko balio izan ziguten. Jabetu ginen haurrekin jardutean errealitate ezberdinetako familiak izango ditugula eta ez ginela gai izango, edo zailtasunak izango genituela iritzien talka bat egonez gero, hau da, familien ideiekin bat egiten ez badugu, jarrera ulerkor, enpatiko eta tolerantea izateko. Balio horiek eguneroko jarduera guztietan azaleratzen dira, une oro jendearekin elkarrekintzan gaudelako eta aberats egiten gaituen aniztasun horrek oinarrian duelako ideia, sinismen, pentsakera edo ideologia ezberdintasuna. Horretarako, autokritika eta hausnarketa hori bideratzkeko, oso gai eguneratuak eta polemikoak erabili ziren (gazte eta ertzaintzen gatazka, esaterako), ikasketak errealitatera gerturatuz. Bestalde, saioa baliogarria suertatu zitzaigun, esan bezala, gure jarrera zalantzan jarri genuelako, askotan hitzez defendatzen ditugun balio horiek ez baititugu betetzen eta hipokresia puntu bat identifikatu genuelako esaten eta egiten genuenaren artean. Gaiak lantzeko era oso eskematikoak izan ziren, eta horrek pentsamendua egituratzen eta hausnarketa modu zehatz eta garbian bideratzen lagundu zigun. Era berean, emandako informazio guztia baliagarri eta garrantzitsutzat dugu, ez baikenuen funtsik gabeko informaziorik jaso. Horrez gain, gure kabuz gaiaren inguruan gehiago ikertzeko aukera zabaldu zigun irakaslean baliabide eta material desberdinak eskeiniz, hala nola, irakurgai ala ikusentzunezko euskarrien proposamenak emanez. Dena den, nahikoa izan ez zela uste dugu, izan ere gaiak oso zabalak eta sakonak dira eta ez dugu behar adina denbora izan osotasunean landu eta aztertzeko, hala ere, irakasleak eta gaia lantzeko moduak gure burua zalantzan jartzera bultzatu gaitu, bai eta gaiarekiko interesa piztu, haren inguruan hausnarketa eta lanketa egiten jarraitzeko jarrera piztuz. 

Laburbilduz, gaiak eta lantzeko moduak originalak eta nahiko dinamikoak izan dira, horrek gaiarekiko interesa eta pentsamendu kritikoa piztu digu, esan bezala, hipokresiaz jokatzen dugulako, asko esan arren, ekintzek ez dutelako berdina islatzen eta askotan autoengainatu egiten garelako geure buruari jarrera idealizatu batzuk esleituz. Ondorioz, hausnarketarako jarrera indartu digu eta gaiaren inguruan gure artean eztabaidatzea ahalbidetu digu. Orokorrean, gure burua eta jarrerak idealizatuta ditugula konturatu gara, eta sarritan, egiten ditugun ekintza txikiek eragin handia dutela egunerokotasunean. Gainera, gerora irakasle garenean, haurrekin jarduteko behar beharrezkoak diren gaitasun eta baloreak landu ditugu, aurrez aipatu bezala, enpatia, errespetua eta tolerantzia beste edozein pertsonarekin elkarrekintzan aritzeko funtsezkoak baitira, harreman hori positiboa zein onuragarria izan dadi; gatazkarik gabe gauzatu dadin, bai eta batak bestea gutxiestea ekiditeko. Era berean,  egunerokotasunean aurre egin behako diegun egoerekiko zein jarrera izan behar dugun ere ikusi dugu: ikuspegi irekia, errespetuzko hitzak, burugogorkeian ez tematu, errealitate ezberdinak daudela ulertu eta onartu, nahiz eta haiekin bat ez etorri. Bestalde, saioa honetan ikusi izan dugu nola gatazken aurrean zein garrantzitsua den ikuspegi zabal bat izatea, posizio desberdinetan topatu ahal ditzakegulako alde positiboa zein negatiboak. Honek, irakasle funtzioak garatzerakoak ikuspegi aberasgarriagoa edukitzen lagunduko digu. 

Horrez gain, gertu eta urruti izeneko bigarren saio honetan, jatorri aniztasunaren inguruan jardun dugu, zehazki, etorkinen inguruan eraiki ditugun aurreiritzi eta estereotipoen inguruan, beti ere norbera abiapuntutzat hartuta.  Saio honen helburu nagusiak geure jarrerak neurtzea eta aipaturiko gaien inguruko ezagutza, ulermena, jabetza, hausnarketa eta lanketa bultzatzea  izan direla esan dezakegu. Guzti hori jarduera ezberdinen bidez egin dugu,oso baliagarriak suertatu zaizkigunak aipaturiko helburuak lortzeko. 

Lehenik eta behin taula moduko bat bete genuen, hainbat definizio idatziz eta buruan genuen etorkinaren irudiaren inguruko ezaugarriak azalduz, geure usteak eta barneraturiko aurreiritzi zein jarrerak ezagutu eta neurtzeko, haietaz jabetzeko eta, besteekin alderatuz, desberdintasunak antzemateko. Oso jarduera baliagarria izan zen geure aurreiritziak nahiz haien jatorriak ezagutzeko. Ildo beretik, oso modu xinple eta garbian komunikabideek gure aurreiritzien eraikuntzan duten eragina ikusi dugu, eta ohartu gara aurreiritzi guztiak sozialki zeinkulturalki eraikiak direla. Bestalde, inmigranteen inguruan ere hausnartzera bultzatu gaitu; izan ere, jabetu gara pobrezia lotzen dugula inmigrazioarekin eta inmigrante horien jatorriaren arabera ikuspuntu bat edo beste izaten dugula, guzti hori txikitatik jaso dugun hezkuntza, ingurugiro zein komunikabideek baldintzatuta izan dela jakinik.

Saioa aurrera joan ahala, gizartean hain nabarmena den arrazakeriaz ohartu gara Doll test bideoa ikusi ostean.Taldeko kideoi bideo honek barneak mugitu zizkigun, latza egin zitzaigun ikustea eta oso gogorra iruditu zitzaigun konturatzea arrazakeria hain txikitatik ikasi eta barneratzen dugun jarrera bat dela eta haur beltzek ere haien burua, ia ohartu gabe eta nahi gabe,gutxiesten duten eta kriminalizazio zein gaiztakeria alderdiekin lotzen duten, hau da, barneraturiko arrazakeria eta estereotipoen erruagatik autodiskriminatu egiten diren. Ariketa honen bitartez ere gehiago azpimarratu genuen aurreiritziak sozialak diren ideia.

Egin klik irudian handitzeko
Jarraian, ikus-entzunezko kulturan dagoen arrazakeriaz jardun gara, hainbat film ospetsuk dituzten eszena arrazistak ikusiz eta guk beste batzuk pentsatuz. Saioko dinamika jarraituz, ohartu gara gauza txikienek ere estereotipoen eraikuntza hori sustatzen duten, eta askotan ohartzen ez garen arren, mezu subliminal ugari igortzen dizkigutela eta jasotzen goazen heinean, geure aurreiritziak osatzen doazela. Time aldizkariaren azal jakin baten inguruan ere mintzatu ginen, gizarteak aurrerapausu edo atzerapausuak eman dituen ikusteko, askotan lanketa izugarria egiten ari garela pentsatu arren, errealitatean islatzen dena ez baita hori. Amaitzeko, exertzen joan ginen, jaio eta bizi ginen lekuak berdinak ala ezberdinak ziren irizpidetzat hartuta, gure familia ala gu geu ere noibait etorkinak izan garela ikusaraziz. Oso interesgarria izan zen modu garbi, xinple eta bisual batean jabetzea nola geure jarrera eta aurreiritziek, boomerang bat bailira, gure ere eragiten diguten, gutariko asko ere etorkinak izan baikara noizbait.

Orokorrean saioko helburuak lortzeko modua originala eta dinamikoa dela pentsatzen dugu, izan ere, lantzen ditugun gaiekiko hausnarketak egitera eta jarrera kritikoak edukitzera bultzatzen gaitu,kasu honetan arrazakeria eta gure aurreiritzien inguruan. bultzatzen gaitu. Era berean,gure ideiatatik oinarrituta definizioak osatzen joatea eta errealitatean ditugun egoera eta baliabide desberdinak erabiltzeak gaia errealitatera gerturatzea lortzen du, gure kasuan interesa gehiago piztuz eta pentsatzera bultzatuz.

Laburbilduz, gure aurreiritziez jabetu gara, hauek nola sortuak izan diren ikusi dugu, bai eta nola gure inguruak zein komunikabideek hauen eraketan duten indarra. Gainera errealitate kolpe bat jaso dugula ere pentsatzen dugu, oro har ez baikara jabetzen gizarteko arrazakeriaz (batezere inplizituaz) edo ez diogu garrantzi handiegirik ematen, beraz saio hauek gerora ere erabilgarriak egingo zaizkigun jarrerak pizten digutela uste dugu, jarrera kritikoa eta errealitatearen ikuspegi objektiboa esaterako. 

Amaitzeko, azpimarratu nahiko genuke nola saio hauen bitartez jabetu garen ustez bazterturik genituen aurre iritzi eta estereotipoak gure baitan jarraitzen dutelaeta arreta gehiago jarri behar dugula horietan. Bestalde irakasle funtziotik begiratuz, uste dugu oso garrantzitsua izango dela txikitatik gure ikasleei aniztasun horretan hezit eta eredu positibo ezberdinak erakustea, berdintasun gizarte bat eraikitzeko bidea sortuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario